BKS Iyengar
Bellur Krishnamachar Sundararaja Iyengar 1918ko abenduaren 14an jaio zen, ama, Sheshamma, gripe-epidemiaren ondorioak jasaten ari zenean. Aita, Sri Krishnamachar, eskolako maisua zen eta Sundararaja bere hamairugarren semea izan zen. Sundararajak ez zuen osasun onik izan haurtzaroan: malaria, tifusa eta tuberkulosiaren biktima izan zen, antibiotikorik ez zen garai hartan.
Hamasei urte zituenean, Sundararaja yoga egiten hasi zen arreba nagusiaren senar Sri Krishnamacharyarekin. Fisikoki indar handiko gizona zen, talentu eta kultura handikoa eta idazlanetan autoritatea. Mysoreko Maharaja jauregian yoga irakatsi zuen. Oso maisu zorrotza izan zen.
1936an, Sundararajak 18 urte zituenean, Guruak sei hilabetez yoga irakastera bidali zuen Punera . Bera aukeratu zuen, besteekin alderatuta, ingeles apur bat zekielako. Gainontzekoek herriko hizkuntza (kannada) edo sanskritoa bakarrik zekiten.
Sundararajak ez zuen aukeratzerik izan. Joateko agindu zioten eta joan egin behar izan zuen. “Beldur eta zalantzez beterik, haren aginduetara makurtu nintzen pribilegioa (ashirvad) zelako; eta hala joan nintzen Punera, ordutik, nire ekintza eremua (karmabhumi) bihurtu zen lekura” aitortu zuen geroago.
Punen oso garai zailak jasan behar izan zituen: etxerik gabe, lagunik gabe, familiarik gabe. Gainera, Maharaska estatuko bertako hizkuntza eta kultura arrotzak zitzaizkion. Punera joan aurretik, Guruaren etxean bi urtez bizi izan bazen ere, Krishnamacharyarekin izandako harremana oso mugatua izan zen, eta ez zuen harengandik ikasteko aukera handirik izan. Beraz, Punen, esperientzia propiotik ezagupenak lortu nahian, aditasun eta gogo handiz praktikatzeko erabakia hartu zuen. Bere kasa jarraitu zuen asanak zehaztu eta doitzen, zehaztasuna eta perfekzioa lortu arte.
Janaria faltako zitzaion, baina praktikari ez zion sekula huts egin. Ordu asko egiten zituen praktikatzen; asana bakoitzaren teknika eta ondorioak ulertu arte jarduten zuen.
Bere praktikaren zehaztasuna eta perfekzioa irakaskuntzan islatu zituen eta ikasleak ugaritu egin ziren. Baina, garai hartan, yogako eskolak emanez ez zegoenez hiri batean bizitzeko lain diru irabazterik, Sundararaja pobreziaren mugan bizitu zen, askotan janaria nondik iritsiko zitzaion jakin gabe.
1943an, neba-arrebek, hamasei urteko neska gazte batekin ezkontza hitzartu zioten. Ramamani zuen izena eta Sundararajaren bizitzan etorri zenean ez zuen yogaren ezagutzarik. Baina, berehalaxe xurgatu zuen yogaren funtsa eta bere senarraren aurrerapenen benetako indar-eragile bihurtu zen. Inoiz ez zion haren praktikari eta eskolei oztoporik jarri. Alderantziz, laguntza handia eman zion eta haren aholkularirik eta kritikaririk onena izatera ailegatu zen. Ia laguntzarik gabe zaindu zuen bost alaba eta seme bateko familia ugaria, senarrari, hark aukeratutako bideari jarrai ziezaion behar zuen denbora har zezan lagunduz. Beren seme-alabak yoga egin zezaten arduratu zen, gainera.
BKS Iyengar yogako irakasle ezaguna izaten hasi zen. Pertsona ospetsu batzuei irakatsi zien: J. Krishnamurtiri, askatasunaren aldeko borrokalari Jayaprakash Narayani eta Defentsa Nazionaleko Akademiako komandante Achyut Patwardhani, bai eta osagile eta industrial askori ere. Kontaezin halako erakustaldi bikainak eskaini zituen, pertsona famatuek - horien artean, Indiako lehenengo lehendakari Rajendra Prasad doktoreak, Indonesiako lehendakariorde ohi Mohammad Hatta doktoreak, SESBko Lehen Ministro ohiMarshal Bulganinek eta SESBko Alderdi Komunistako Lehen Idazkari Nikita Krushchevak - asko estimatu zituztenak. Paulo VI.a Aita Santuak ere audientzia eman zion.
1952an, ustekabean egin zuen topo biolinaren maisu Yehudi Menuhinekin. Enkontrua erabakitzailea izan zen Guruji Mendebaldean ezagutarazteko. Mr. Iyengar izenaz hasi ziren ezagutzen.
Menuhin ikasle sutsua zen, eta Gurujik urtez urte joan behar izan zuen atzerrira hari eta haren familiari irakastera. Pertsona gehiago ere joaten ziren saio haietara eta poliki-poliki mendebaldeko ikasle mordoxka bat - hurrengo urtean noiz helduko gogo biziz zain izaten zuena - bildu zuen. Menuhinek eta beste ikasleek praktikatzen jarraitzen zuten. Musikariak “bere biolin irakaslerik onena zela” aitortu zion Mr. Iyengarri . Jarraitzaile sutsu eta praktikante zintzoa izan zen 1999an zendu zen arte.
Lord Menuhin erabakitzailea izan zen, gainera, hainbat pertsona ospetsu aurkeztu zizkiolako. Horietako bat Belgikako Erregina izan zen, laurogeita bi urterekin buru gainean jarrita gorputzari eutsi nahi ziona. Mr. Iyengarrek Sirsasanaz gain beste hainbat postura ere erakutsi zizkion. Ama Erregina oso pozik zegoenez, bere eskuez zizelkatutako Iyengarren bustoa oparitu zion.
Punera itzulitakoan ez zuen jende askorengana iristerik lortu. Alokatutako etxetxo batean bizi zen, non aldi berean ikasle bati edo biri bakarrik eman ziezazkiokeen eskola pribatuak. Alokatutako aretoetan edo eraikinetako zabaltzetan ere ematen zituen eskolak. Behin baino gehiagotan, bertan behera utzi behar izaten zituen, ordea, edo ordutegia aldatu, lekuak erabiltzeko moduan egoten ez zirelako.
Gurujik 1968an jakin zuen gaur egun Institutu bihurtu den eraikina salgai zegoela. Hara zer pentsatu zuen: “nire esku baldin badago, hemen pausatuko naiz, eta aurrean ikasgela bat duen etxe txiki bat eraiki”. Baina, lau urte geroago arte, finantza-jardueren murrizketak zirela eta, ez zuen eraikina egiterik izan. 1973ko urtarrilean, Gurujik familiarentzako hiru edo lau gelako etxetxo bat egitea erabaki zuen. Zantzu oneko egun batean, 1973ko urtarrilaren 26an, bere emazte Smt. Ramamani Iyengarrek (maitekiro Amma izenez ezaguna) bhumi puja egin zuen.
Hala ere, Ammak ez zuen ez etxea ez Institutua ezagutu, puja egin eta handik bi egunera hil baitzen. Heriotza kolpe handia izan zen familia osoarentzat. Guruji, zoritxarrez, kanpoan zen, Bombayn, asteburuko ohiko eskolak ematen. Ikasleek eman behar izan zioten berri latz hura. Amma hil ondoren, Gurujik pentsatu zuen lur horretan zerbait eraikitzekotan ez zuela etxea bakarrik eraikiko, yogako institutu bat baizik. Horrela, Ammaren espiritua haren omenez eraikitako Institutuan bizi da. 1975eko urtarrilaren 19an inauguratu zen ofizialki.
Ordurako, praktikante eta meritu propioz irakasle Geeta (Gurujiren alaba zaharrena) eta Prasant (semea) Institutuan hasita zeuden Gurujirekin irakaskuntzaren zama erdibanatzen.
Institutuak izen handiko bisitari asko izan ditu, esate baterako, Indiako lehen ministro Shri Vajpayee. Hogeita bosgarren urteurrena milurteko berriarekin egokitu da. Ez da, ez, lorpen txikia! Light on Yoga (Luz sobre el Yoga) 1966ko udaberrian argitaratu zen lehenengo aldiz. Liburu hau maisu-lan bihurtu, eta munduko txoko guztietara ailegatu zen, yoga unibertsal izatea lortu delarik. Liburuak berrargitaratzen jarraitzen du eta hamazortzi hizkuntzatara itzulia izan da, mundu guztiko kultura, genero, erlijio, kasta, zatiketa geografiko eta ekonomikoak gaindituz.
Liburu honen ondoren, yogaren beste zenbait atal lantzen dituzten beste batzuk atera ziren.
Haren irakaskuntza jarraitzen zuten yogako praktikanteak ugalduz joan ziren, asko baitziren harengandik zuzenean ikasi nahi zutenak. Hau ezinezkoa izatera iritsi zen, eta Gurujiren ikasle aurreratuenek bakoitzak bere herrialdean irakastea onartu zuten. Ikasleak, Gurujik irakasten zuen yoga honi, “Iyengar Yoga” deitzen hasi ziren, beste irakasleek erakusten zutenarengandik bereizteko.
Pixkanaka-pixkanaka, “Iyengar Yoga”, kontaezin halako herrialdetan zabaltzen hasi zen sistema bihurtu zen, gazte eta ez hain gazteak modu beretsuan erakarriz. Praktikanteak kultura eta gizarte maila desberdinetakoak ziren. Yogaren praktika euren lan eta bizitzeko eratara nola egokitu erakusten zitzaien: musikari bati nola izan musikari hobea; artista bati, artista hobea; zientzilari bati, zientzilari hobea; sendagile bati, sendagile hobea. Amerikar argazkilari E. Simmons-ek esan zuen: “Iyengar da Yoga, Renoir pintura den bezala, Rodin eskultura eta Sterchen filosofia”.
Robert Engman, Pennsylvaniako Unibertsitateko Arte Eder Saileko lehendakariak, lau metro eta erdiko eskultura izugarri bat eraiki du, “After Iyengar” izenekoa, eta Iyengar artista gorenekotzat jo du.
BBC telebista kateak artistarik handienetako batekin parekatu du¬: “Yogaren Michaelangelo”.
Gurujiren lana hainbat erakunde eta gobernuk miresten du munduan osoan. Esker on eta titulu ugari jaso ditu: Padmashri, Indiako Gobernuak emana; Padmabhushan Saria, Indiako Gobernuak emana; Patañjali saria, Zientziatako Doktorea, United Nations Charter for Universal Peacek emana; Shri Krishnanugraha Prashasti, Jagadguru Shri Madhavacharyak emana; Yoganga Shikshaka Chakravarti, Yogacharya T, Krishnamacharyak emana; Yoga Ratna, Vishwa Yoga Samelanek emana; Yoghi Raja, Swami Shivanandak emana; Rajyotsava Award Saria, Karnatakako Gobernuak emana eta Purna Swasthya Saria. Horrezaz gainera, Ipar Hemisferioko izar batek Yogacharya BKS Iyengar izena darama, eta AEBetako Ministry of Federal Star Registrationen erregistratuta dago. Izarraren kokapena hau da: Monoceros Ragh 30min49seg + gradu 1 29min.
Gizakiaren gorputz eta adimenari buruz Gurujik duen ezagutza aparta da. Bere esperientzian oinarritutako jakituria erabili du gaixotasun desberdineko pertsonak tratatzeko. “Yoga terapeutikoa” “Iyengarren Yogan” integratu da, hainbat min jasaten dituzten eta Gurujiren kontsolamendua bilatzen duten pertsonentzat. Milaka dira ia-ia salbatu izana eta beren bizitzei esanahi berria eskaini izana zor diotenak.
Guruji izan zen 1975etik 1984ra Institutuan eskola gehien eman zituena. 1984tik aurrera, bigarren mailara pasa zen, bizitzako etapa berri batean sartu izan balitz bezala, non atxikimendu eza ikasiko zuen familiarekin bizitzen zen bitartean (vanaprasthashrama). Berak gaitasuna du oraindik jarraitzeko, baina baita ere gai da bere buruari eutsi eta desatxikitzeko. Gainera, belaunaldi gazteagoak aukera izan zezaten nahi zuen. Bere alaba Geeta, seme Prashant eta beste irakasle ospetsuak hasiak ziren Institutuan eskolak ematen.
Halaz eta guztiz ere, aldizka irakasten jarraitzen du munduko leku desberdinetan, ikasle eta ikasle-irakasleak eskola jendetsuetan gidatzen.
1998an, laurogeigarren urtemuga zuela eta, zortziehun ikasleri ikastaro bat eman zien astebetez.
Beste behin, 2000 urtean, hain zuzen ere, ikastaro berezi bat zuzendu zuen, Iyengar Yogan adituak ziren ia berrogei herrialdetako irakasleentzat.
Gaur egun, laurogeita hamahiru urte izanik ere, ez dio inoiz praktikatzeari uzten.
Edozein posturatan, erlaxatuta dagoela dirudi, baina zeharo sartuta dago, kontzentratuta, hausnartzen, pertzepzio zentzuak baretuta, meditazio egoeran (dhiana)!



















